Gasteisko 31. Jazzaldia. Uztailaren 15tik 21era

Berriak

Michael Brecker, 1949 · 2007
Fotografía de Michael Brecker
2007ko Urtarrialaren 21an

Zorrotza eta ziztakaria saxoarekin, baina goxoa eta xarmagarria harremanetan. Holakoa zen Michael Brecker, eragin handieneko garaikideko jazz saxofoilarietako bat, joan den larunbatean leuzemiaz hil zena, 57 urte zituela. Galera handia jazzaren munduarentzat, baina ezagutu genuenontzat (musikariak, musikaldi antolatzaileak, agenteak…), musikari bikain bat baino gehiago pertsona bikain bat galtzea izan da. Michael Brecker, betiere guztiz adeitsua, sinpatikoa eta adiskide egiteko oso erraza zen pertsona bat bezala gogoratuko dugu; sekulan ere arazorik sortzen ez duten musikari horietako bat, beraiekin dena aise doa eta.
Breckerek Gasteizen jo zuen lehenengo aldia 1984an izan zen, Steps Ahead taldearen barruan (Michael Brecker, Mike Mainieri, Warren Bernhardt, Tom Kennedy, Peter Erskine), eta gure hiritik pasatu zen sei aldietako bakoitzean benetako luxua izan zen; izan ere, batzuetan “saxofoilari perfektua” esan zaio.
Uste dut Gasteizen aztarna utzi zuela. Lehenengo, EWI edo Electronic Wind Instrument izeneko saxofoi elektroniko harrigarria erabiltzeagatik (bere azken egunetara arte jarraitu zuen Gasteizen “txistu atomikoa” izendatu zuten instrumentu hori jotzen), eta gero bere kontzertu bakoitzak zerbait berezia zeukalako.
Mendizorrotzean lehenengo aldiz jo eta urtebete geroago, berriro ere Steps Aheadekin jardun zuen. Eta gero, 88an itzuli zen, Herbie Hancock Quartet-ekin eta Bobby McFerrinekin; kontzertu hartan, Breckerek ia-ia ezin izan zuen saxoa jo, ez baitzen gelditzen McFerrinen abileziaz barre egitetik. 93an, berarekin bere anaia Randy etorri zen, estudioko musikari kotizatuenetako bat, betiere lagundu ziona bere karreran, Brecker Brothers taldean. Eta 2000n, Pat Metheny Special Quartekin igo zen agertokira, Larry Goldings eta Bill Stewartekin; kontzertu horretako bigarren bisean, Methenyrekin eskuz esku, han izan ginen guztion oroimenean irauten duen Summertime bat jo zuen. Gasteizen eman zuen azken kontzertua 2002an izan zen, berriz ere Herbie Hancockekin, baina oraingo honetan Roy Hargrove, George Mraz eta Willie Jonesek lagunduta, Directions in Music izenaren pean.
Asmoa zen Mendizorrotzean 2005ean aritzea, Steps Aheadekin berriro, itxaropen handiz sortutako birtopaketa itzuli batean, baina bertan behera utzi behar izan zuen, bere gaixotasunarengatik. Lehenengo aldiz leuzemiak galarazi zion saio bat ematea eta berak erabaki zuen bere ordez Bill Evans aritzea.
Jakingarria da Brecker, Coltrane-en eskolaren oinordeetako bat (haren miresle sutsua zen), azkenean bera ere saxofoilarien maisu bilakatu izana. Saxoa bezalako instrumentu definitzaile batekin, haren soinua oso berezia zen eta egin zituen milaka grabaziotan ezagut zitekeen. Besteak beste, Paul Simon, John Lennon, Frank Zappa, Aerosmith, James Brown, Joni Mitchell, Lou Reed, Elton John eta Bruce Springsteenen diskoetan aritu zen. Horietan, agerian utzi zituen europar musika klasikoaz eta rock musikari handiez zeukan ezagutza eta Charlie Parker eta John Coltrane-enganako mirespena.
Azken urte hauetan, bere gaixotasunaren aurkako borrokan ibili da, bizitza ahalik eta normalena egiten eta lanean jarraitzen saiatzen zelarik. Orain dela hilabete, New Yorkeko kontzertu batean azaldu zen, zuzenean eman zuen azken saioan, eta duela hiru aste bere azken diskoa bukatu zuen. Gogoan edukitzeko grabaketa bat, bere adiskidetasuna bezala.

Iñaki Añua
Gasteizko Jazzaldia


Informaciones adicionales

  • Paseo de la Florida 3, 2º D · 01005 · Vitoria - Gasteiz | Tel: 945 141 919 | Fax: 945 130 287
  • Del 30 de Mayo al 19 de Julio | Oficina de Turismo: Plaza General Loma 1. Bajo | jazzvitoria@jazzvitoria.com