Gasteisko 31. Jazzaldia. Uztailaren 15tik 21era

Edició 2007

EGITARAUA

Mendizorrotzako Kiroldegia

Uztailak 18 (Ostirala) · 21:00 · 40 euro

SONNY ROLLINS
Sonny Rollins, saxo tenorra
Clifton Anderson, tronboia
Bobby Broom, gitarra
Bob Cranshaw, baxua
Kobie Watkins, bateria
Kimati Dinizulu, perkusioa

SONNY ROLLINS, NOSKI
Orain arteko guztia gertatu izan ez balitz bezala. “Gizona” iristear da. Sonny Rollins, “macho-man”, “Saxophone Colossus” gainerakoentzat. Hiper-mega-saxofoi jotzailea Gasteizera itzuliko da bi urteren ostean. Egun hartako gaua (15-VII-2006) bizi izan genuenok ez dugu bestelako justifikaziorik behar Mendizorrotzara kamiseta izerditzera joateko, hori baita kontua azken finean. Sonny Rollins entzutea behar aberkoia da jazzaren zaletu ororentzako, inor gutxik bezala genero honetako kondaira handitzen lagundu duenaren ordainetan. 
Theodore Walter Rollinsek (Harlem, 1930) arriskua oso gertutik bizi izan duela esan lezake eta Barney Wilen saxofoi jotzaileak ere “ezerk beldurtzen ez duen gizona” bezala deskribatu izan du. Ematen duen urrats bakoitzeko beste izaki ezberdin bat bihurtzeko gaitasuna duen otso bakartia da; konbentzionaltasunetik hain urrun dagoen bere lan diskografiko zabala ezagutzeak bertigoa ematen du.
Ezinbesteko hamaika maisulanen egilea, Rollinsek –inprobisatzaile bikainak– jazzaren bere istorio propioa idatzi du zalantza metodikoetan (oinazetsuak askotan) oinarrituta; Disko bakoitza, sorpresa bat da; mugimendu bakoitza, inspirazio bat: “Sonny Rollins   gure adiskidea zen, baina hori baino gehiago ere bazen: gure gidaria zen. Milesek esan zuen belaunaldi berrien jainkoa zela eta arrazoia zuen” (Jackie Mclean).
Denboraldi batez bizitza publikotik erretiratuta egon zen, horrela bere burua probatuz, eta saxofoia jo zuen aire zabalean, itsasoaren aurrean edo New Yorkeko Williamsburg zubiaren beheko aldean; bere musikak gainetik igarotzen zitzaizkion autoen zarata gailentzen zuen bere buruari probatu nahian. 
Ikuspegi zehatz batetik, bere ibilbide artistikoak etengabe bere buruarengandik ihes egiteko nahia islatzen du edo, beste hitz batzuetan, “askapen prozesu” bat da, osagarria dena baztertzera eta funtsezkoena soilik mantentzera eraman duena. Johnny Carter-ek El Perseguidor-en (Julio Cortazar, 1959) bezala,  Rollinsek biharko musika jotzen du gaur. Miles Davisi bezala, gizon puska atsegin honi izugarrizko barregura ematen diote dagoenekoz jo duena jotzeko eskatzen diotenek. Horretarako baitaude diskoak: gogaikarriak gainetik kentzeko.
Musikaz haratagokoa den garbiketa prozesu horrek berritsuaren eta sentsualaren erdibideko “ipuin kontalari” bihurtu dute gure esteta, Marrakech-ko Jemaa el Fna plazan topa ditzakegun “hlaïqui”-en modukoa. Gaur egun duen helburu nagusia bere ingurukoei mezu zehatza, argia eta dantzatzeko modukoa transmititzea da, batzuen atsekaberako eta gehienon bozkariorako. Bere musika bilaketari eskainitako bizitza baten emaitza koherentea da. Burutazioen aldetik galdu duena, zehaztasunarekin eta berehalakotasunarekin irabazi ditu. Sonny Rollinsek beste modu batera hitzik gabe uzten jarraitzen gaitu. Gasteizen bizi izan genuen, jendea dantzan eta kritikariak, batzuk gutxienez, kristorenak eta bi esaten. Azken horiei kasurik ez.

Gaur egun, Rollins nabigatzaile bakartia da, New Yorkeko estatuko landa komunitate txiki batean lehorreratu dena. Bertatik batzuetan ateratzen dute, bere publikoaren aurrean jotzeko, non den kontuan izan gabe. Berari buruz dakigun azken gauza Carnegie Hall-ean lehendabiziko aldiz agertu zeneko 50. urteurrena ospatzeko kontzertua diskoan txertatzeko baimenik eman ez duela da: “dena atsegin nuen, nire interpretazioa izan ezik”. Artista hutsa.


Chema Garcia Martinez

<< Egitauara Itzuli

Egitaraua Imprimatu

Informaciones adicionales