WAYNE SHORTER QUARTET eta Danilo Perez, John Patitucci & Brian Blade
Wayne Shorter, saxoak
Danilo Perez, pianoa
John Patitucci, kontrabaxua
Brian Blade, bateria
Jazza lekuan bertako sorkuntza lana da eta, hizkuntza bat baino areago, musikarekiko jarrera bat da, egintza moral bat. Zoritxarrez, gure garaiko adituek ahaztu egin ohi dute hori, eta beren erudizioa eta gaitasun teknikoak lorpen artistikoekin nahasteko joera dute. Rekalde adiskideak esaten zuen moduan: “Orain eskuliburuan oinarritutako jazza egiten erakusten dute, nola negar egin edo orgasmo bat nola eduki erakustearen antzekoa dena”. Eta, hain zuzen ere, gaur egun eskolak ditugu Charlie Parker-ek bezala inprobisatzen edo Duke Ellington-en estilora orkestra edo big band bat zuzentzen ikasteko. Eta horren emaitza ia dena eta izugarrizko azkartasunez jo dezakeen ikastun eta sasijakintsu belaunaldia da, euren buruari kontatzeko zerbait duten ere galdetzen ez diotenena. Taloitegiei eta marketingari esker arrakasta lortu duten artista berrien nomina honetan bere burua nabarmentzea atsegin duen bertutetsu ugari topa dezakegu, eta baita hamar minutu baino gutxiagoko bizitza duen iruzurti asko ere. Tamalgarria da, bi hitzetan, helmugara iritsi nahian bideko paisaiari ez erreparatzea, ametsaren bilaketaren poza, abenturaren emozio soila sentitu nahi ez izatea. Aitzitik, eta “sasiartista” hauei kontrajarrita, musikari gutxi batzuei esker eskubide osoko jazza entzun dezakegu oraindik ere. Artista horiek mugitzeko eta jolasteko beharra dute, eredu konbentzionalen aurka errebelatu eta espresio modu berriak aurkitzeko beharra. Wayne Shorter-ek (Newark, New Jersey, 1933) Miles Davis-engandik ikasi zuen nahi hori, bizitzeko behar zuela-eta etorkizunari irribarre egiten zion tipo horrengandik.
Bost hamarkadatik gorako aparteko ibilbidea duela, Shorterrek, gaur egun ere, jazz modernoaren inguruko pentsalari eta sustatzaile garrantzitsuenetarikoa izaten jarraitzen du. Jazz mota hori egitera iristeko Horace Silver, Art Blakey, Miles Davis, Herbie Hancock edota John Coltrane bezalako adiskideen alboan landu eta sendotu du bere jarrera. Kontrakoa pentsa genezakeen arren, oraindik ez dago bere lanaz gogaituta eta, horregatik, gauzen atzealdea bilatu nahian jarraitzen du. Beyond the sound barrier (Verve/Universal) behean sinatzen duenak ezagutzen dituen adibide diskografietako azkenak kapitain laukote bat aurkezten digu, berriro ere Gasteizera, Europan aterpetzat duen hiri honetara, datorrena: Danilo Perez piano jotzailea, John Patitucci kontrabaxu jotzailea eta Brian Bade baterian. Shorterren saxofoi eta konposizio adoreak gidatzen –zuzentzen baino areago– dituela, horiek guztiek inprobisazioaren suari lekua uzten diote, berau talde honetan funtsezko lan tresna baita azken xedea erdiesteko: energia handiko musika, espirituala, askatzailea.
Wayne Shorterren hitzetan: “Milesek bezala lan egiten dugu, agertokira irteteko orduan ez dugu ezer adostuta edo aldez aurretik pentsatuta”. Orain artekoak esan ostean, Shorterren kontzertu baten aurretiko analisi oro nahiko frustragarria eta hantustea (edo horrela sentitzen gara une unetan behinik behin) da; izan ere, gauza guztietan onena bere musika idatzita ez dagoela da. Eta ezta, noski, azken horrek eragiten dituen emozioak ere.
Pablo Sanz | El Mundo / Scherzo
<< Egitauara Itzuli